Inauguratu dute Debabarreneko inkubagailu teknologiko berria

http://www.bicgipuzkoa.eus/wp-content/uploads/foto-inauguración-1-1024×653.jpg

Inauguratu dute Debabarreneko inkubagailu teknologiko berria


  • IK4-TEKNIKERen egoitzan dago, Eibarren, eta BIC Gipuzkoa enpresa-zentro berritzaileak kudeatzen du. Bada, sei startup edukitzeko tokia izango du

  • Besteak beste, fabrikazio aurreratuaren, bioingeniaritzaren edo teknologia digitalen eremuetan garatuko dituzte beren proiektuak enpresa berriek

  • Miguel de los Toyos Eibarko alkatea eta Eusko Jaurlaritzako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak bertaratu dira ekitaldira


Eibar, 2017ko ekainaren 29a

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren egoitzak Gipuzkoako Teknologia Parkean dago, Eibarren enpresa-inkubagailu berriaren aurkezpena hartu du gaur. Teknologikoki aurreratutako proiektuak garatzen lagundu nahi du inkubagailu horrek, Debabarrena eskualdeari dagokionez. Instalazio berrietan egin da ekitaldia, gaur goizean, eta Miguel de los Toyos Eibarko alkatea, Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusia, Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusia, eta Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako Diputatua bertaratu dira.

BIC Gipuzkoa enpresa berritzaileen zentroak kudeatzen duen inkubagailu berriak eragile nabarmena izan nahi du inguruko ekonomia eta industria garatzeko orduan, eta erreferente bihurtu nahi du berrikuntzaren eta ikaskuntzaren arloan, Euskadi barruan.

Zentro teknologikoaren -2 solairuan daude instalazio berriak, eta balio erantsi handiko eremu estrategikoetan hala nola, fabrikazio aurreratuan, bioingeniaritzan edo digitalizazioan kokatutako startup-ak bil ditzatela espero da.

Guztira, 35 metro karratuko sei gune edukiko dituzte instalazioek. BIC Gipuzkoak hartuko du guneetako bat, eta Atten2 enpresak beste bat. Lineako sentsore optikoen ikerketan, ekoizpenean eta salmentan espezializatutako enpresa da Atten 2, eta IK4-TEKNIKERen beraren spin-off bat da.

Erakundeen babes handia

Bestetik, proiektuak abendutik (izenpetu zenetik) izan duen babes instituzional handia islatzen du gaur goizean egindako ekitaldiak.

Hainbat erakundek eman diote babesa inkubagailu berriari; adibidez: IK4-TEKNIKERek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk kudeatzen duten sozietate publikoak BIC Gipuzkoak eta Eibarreko Udalak, zeinak 200.000 euroko zenbatekoa bideratu duen instalazioak egokitzeko obretara. Bada, guzti-guztiek bultzatu nahi dute tradizionalki industria-sektorean errotuta egon den eremu honetako lehiakortasuna.

“Duela bi urte baino gehiago abiarazi genuen, BIC Gipuzkoa eta IK4-TEKNIKERekin batera, gaur inauguratzen ari garen toki baten beharraren inguruko hausnarketa, gure hirian kalitateko enplegua sortzeko behar den enpresa-ehundura berritzailea eratzea bultzatzeko xedez”, adierazi du Miguel de los Toyosek. Eibarko alkateak azpimarratu duenez, “hausnarketa horien eta 2016an EAJrekin egindako aurrekontu-hitzarmenaren ondorioz hornitu ahal izan da behar besteko kopuru ekonomikoa, gure konpromisoari aurre egite aldera. Jarraitzeko moduko adibidea da ekimen hau. Erakundeak, entitateak, nor bere eskumenetik, nor bere erantzukizunetik, gure inguruko garapen ekonomikorako konpromisoa hartuta”.

Alejandro Bengoak, bestalde, hau nabarmendu du: “IK4-TEKNIKERentzat oso garrantzitsua da balio teknologiko handia duten eta zentroaren beraren luzapena diren proiektuak burutzeko gaitutako toki berri bat edukitzea”, eta, aldi berean, hau baieztatu du: “gure erakundeak eskualde honen industria-ehundurarekin duen konpromisoaren beste erakusgarri bat da”.

BIC Gipuzkoaren esperientzia

BIC Gipuzkoa sozietate publikoak, hots, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk lagundutako entitateak, duela ia 25 urte sortu zenetik eduki du lotura berezia Eibarrekin eta Debabarrena eskualdean enpresa-jarduera berriak sustatzearekin. Hemendik aurrera, konpromiso hori indartu egingo da, berak kudeatuko baitu inkubagailu berria.

“BIC Gipuzkoak proiektuei lagunduko die gure ezagutzaren eta eskarmentuaren bidez eta gainera, jarduera ekintzaileari laguntzeko tresna publikoetara iristea erraztuko du”, ziurtatu du Alex Arriolak inaugurazio-ekitaldian. Ekintzailetzaren euskal ekosistemaren toki estrategikoan dago kokatuta inkubagailu berria, Gipuzkoako, Bizkaiko, Ezkerraldeko eta Arabako BICen Sareak osatzen duen ekosisteman.

Azken urtean, ekintzailetzako 57 proiekturi lagundu die BIC Gipuzkoak-ek, eta oinarri teknologikodun 27 startup berritzaile ateratzea sustatu du. Jarduera osoan zehar, guztira 311 enpresa sortzea sustatu du entitate horrek, eta, horietatik, % 80k beren jarduera garatzen jarraitzen dute, balio erantsi handiko merkatuetan hala nola, fabrikazio aurreratuan, ingeniaritza eta teknologia digitaletan edo energian.

“Urte hauetan, aliantza-sarea sortu dugu unibertsitateekin, enpresekin, zentro teknologikoekin eta erakunde publiko zein pribatuekin, gaur inauguratzen ari garen bezalako enpresa-ekimen berrien garapena azkartzeko xedez”, adierazi du Ainhoa Aizpuruk.

IK4-TEKNIKERi buruz

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak 35 urtetik gorako esperientzia du teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresetara transferitzen, eta, denbora horren ostean, espezializazio-maila altua eskuratu du lau arlo handitan fabrikazio aurreratuan, gainazalen ingeniaritzan, produktu-ingeniaritzan eta IKTetan, eta abangoardiako teknologia hori bezeroen premien zerbitzura jartzea ahalbidetzen du horrek.

BIC Gipuzkoari buruz

BIC Gipuzkoa Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, hots, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk lagundutako erakundeak, 20 urtetik gorako eskarmentua dauka enpresa berritzaileak sortzeko prozesuetan laguntzeko orduan. Erreferentziazko eragilea da lurraldeko ekosistema ekintzailean, eta aliantza-sarea eratu du unibertsitateekin, enpresekin, zentro teknologikoekin eta erakunde publiko zein pribatuekin, ideiak enpresa-proiektu bihurtzeko prozesua azkartzeko xedez.

 

Toribio Echevarria sarien epaimahaiak hamar finalistak hautatu ditu
Addilanek eta KirolDNAk lortu dituzte ekintzailetza berritzaileari emandako Toribio Echevarria sariak