VRMIND-Nesplorak, nahasmendu neurologikoak diagnostikatzeko errealitate birtualeko proiektuak, 1,4 milioi euro jaso ditu

http://www.bicgipuzkoa.eus/wp-content/uploads/IMG_2147.jpg
Euskal enpresa Nesplorak garatu du

VRMIND-Nesplorak, nahasmendu neurologikoak diagnostikatzeko errealitate birtualeko proiektuak, 1,4 milioi euro jaso ditu

VRMIND-Nesplora proiektua hautatua izan da Horizonte 2020 programa europarreko esparruan, osasun arloan erabiltzen duen teknologia berritzaileagatik. Aitortza honi esker enpresak 1,4 milioi euroko diru laguntza jasoko du proiektuaren bilakaeran laguntzeko eta horren komertzializaziorako; kalkulatutakoaren arabera, 2 milioi euroko inbertsio globala egingo da. Nesplora 2008an martxan jarri zen BIC Gipuzkoaren babesarekin.

 

VRMIND-Nesplora proiektuaren helburu nagusia da nahasmendu neurologikoen ebaluazio- eta diagnosi-mekanismoak hobetzea errealitate birtualeko sistemen bidez. Neurologiaren, psikiatriaren eta psikologiaren arloetan sistema horiek erabilita, diagnostiko goiztiar eta objektibo bat lortuko da nahasmendu neurologiko, mental eta neurogarapenekoetan.

VRMIND-Nesploraren sistema oinarritzen da profesional sanitarioaren kontsultan bizitza errealeko inguruneak erreplikatzea posible egiten duten errealitate birtualeko gailuen erabileran. Sistemak diagnostiko zuzena egiteko behar den informazio guztia eskaintzen du. Tresna honen baliotasun handiagoari esker, paziente bat ebaluatzeko behar den denbora laburtzen da eta diagnostikoak izan ditzakeen hutsegiteak gutxitzen dira. Beraz, nahasmenduren bat duten pertsonei ematen zaien arreta hobetzen laguntzen du.

Testuinguru honetan, enpresak garatu dituen zenbait ebaluazio-programen bidez ebaluatu daitezke arreta-defizita hiperaktibitatearekin edo gabe (ADN-H), gauzatze-ahalmenak edota memoriaren funtzionamendua. Sistemaren ezaugarri berritzaile horiei esker hautatu du Europar Batasunak VRMIND-Nesplora proiektua Horizonte 2020 programaren barruan. Gauzak horrela, Nesplora da laguntza horiek jasotzen dituzten enpresa espainiar gutxietariko bat, Europako agintariek ezartzen dituzten eskakizunak gainditu baititu.

Datozen bi urteetan, enpresak burututa izango ditu VRMIND-Nesplora proiektua osatzen duten tresnen garapena eta egokitzapena, baita tresna horiek zientifikoki bermatuko dituzten azterlan normatiboak eta klinikoak ere. Aldi berean, enpresak bere komertzializazioa areagotuko du nazioarteko merkatuan, Europako gainerako herrialdeei eta amerikarrei —gaztelaniadunei zein anglosaxoiei— bereziki zuzendurik.

I+D konpainiako sortzaile eta zuzendari Gema Climenten iritziz, VRMIND-Nesplora azkar haz daiteke. Haren hitzetan, “gure produktua berritzailea denez, ez die inbertsio handirik suposatzen erabiltzaile klinikoei eta hobekuntza esanguratsuak dakartza nahasmendu neurologikoak dituzten pertsonen diagnostikoan eta tratamenduan”. Ildo honetatik, Climentek baieztatu du “biztanleen % 20k arazo neurologiko bat paira dezake bizitzako etaparen batean, eta gure produktua edozein hizkuntzatan komertzializa daiteke; izan ere, tankera horretako nahasmenduen diagnostikoetan test mota bera erabiltzen baita mundu mailan.

Nesplora

2008an sortutako enpresa izanik, Nesplora gaur egun 17 pertsonak osatzen dute, eta hazteko dituen aukerak ikusita, 2018rako 30 profesionaleko lantaldea izatea espero dute. Neurozientzia IKTekin (Informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin) lotzen den esparru batean gauzatzen ditu enpresak bere jarduerak..

Nesplora enpresaren garapenean, Climentek aitortzen duenez, erabakigarriak izan dira VRMIND-Nesplora proiektuak jaso dituen babes guztiak “gure kasuan, bereziki, teknologiaren aurretik joan baikara, errealitate birtualeko gailuak duela oso gutxi erabiltzaileentzat modu onean komertzializatu diren arte”. Nesplora SPRIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako Txekintek/Ekintzaile programaren esparruan sortu zen. Proiektuak BIC Gipuzkoaren laguntzarekin eman zituen lehen urratsak, eta enpresa-bilakaeran zenbait erakunderen laguntza-programatan parte hartu du.

BIC Gipuzkoa

BIC Gipuzkoa eragile aktibo bat da, duela 20 urte baino gehiagotik, Gipuzkoako ekintzailetza-proiektuen babeserako. Gipuzkoako Foru Aldundia eta SPRI akziodunak izanik, BICek erraztasun-emaile gisa jokatzen du enpresa berritzaileak edo oinarri teknologikoa duten enpresak sortzeko prozesuan; eta, aldi berean, kultura ekintzailea sustatzen du Gipuzkoan. BIC Gipuzkoak bere ibilbidean 200 enpresa ingururen sorrera sustatu du.

KirolDNA euskal enpresak kirolarien errendimenduan iraultza sortzen du ADN analisien bidez
Sinetsi, sortu, hazi