18 startup ari dira parte hartzen PADEM prestakuntza-programa espezializatuan

Startup batek, hastapenetan, aurre emateko izango duen zenbait egoera aztertzen du
Profil zientifiko-teknikoa duten enpresa-proiektu berrien gestiora zuzenduta dago
BIC Gipuzkoak abian jarri du PADEM Ekintzaileentzako Zuzendaritza Programa Aurreratuaren hirugarren edizioa. Ekimen honek onarpen-maila handia lortu du ekintzailetzaren ingurunean, prestakuntza espezializatua eta esperientzia praktikoak konbinatzen baititu, balio handikoak garapeneko lehen garaian dauden enpresa-proiektuentzat. Ikastaroa osatzen duten hamar ekitaldietan, jorratuko diren arloetan entzute handia duten adituek parte hartzen dute. Ekimen honetan, BIC Gipuzkoarekin batera Elkargi Consulting arituko da
PADEM neurrirako prestakuntza-programa bat da, oinarri zientifiko-teknikoa duten proiektu edo enpresa berritzaileak zuzentzen dituzten ekintzaileei laguntzeko diseinatua; proiektu edo enpresa horiek hazteko potentzial handia izan behar dute, dagoeneko garatzen hasiak izan edo inbertsioa bilatzeko fasean egon. Programaren formulak –ekitaldi teorikoak eta praktikoak konbinatzen dituenak egiazko esperientziak analizatzearekin– onarpen handia izan du aurreko bi edizioetara bildutako 40 parte-hartzaileen aldetik. Gainera, bereziki estimatua dute ikasleek beren kasuak aurkezteko aukera, programan parte hartzen duten adituen iritzia jaso eta berenarekin alderatzeko egokiera eskaintzen baitie.
BIC Gipuzkoak zuzentzen duen Ekintzaileentzako Zuzendaritza Programa Aurreratu honen edukia hamar modulutan dago banatuta, eta horietako bakoitzak enpresa-proiektuen garapenerako funtsezko alderdi bati ekiten dio; hala nola, pertsonen antolaketa eta gestioa, negozio-aukerak, hazkunde-modeloak, merkatu-estrategia, finantziazioa edota proiektuak inbertitzaileei aurkeztea.
Ikastaroaren inaugurazio-ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Jakituria eta Berrikuntzaren Promozioko zerbitzuburu Joseba Amondarain, Elkargiko zuzendari nagusi Pio Aguirre eta BIC Gipuzkoako proiektu-zuzendari Esther Paguey. Joseba Amondarainek esan du, bere hitzaldian, PADEMaren edizio berri hau dela “parte-hartzaileek indibidualki aprobetxatzen jakin behar duten aukera, pertsona bakoitzak eta proiektu bakoitzak, norberaren beharren eta gaitasunen arabera”. Pio Aguirrek azaldu du “Elkargik irmo eusten diola enpresei eta ekintzaileei laguntzeko sortutako ekosistemarekiko konpromisoari”, eta azpimarratu du “proiektu bakoitzerako finantzabideak ziurtatzeak zer nolako garrantzia duen”. Bestalde, Esther Pagueyk adierazi du programa hau “estrategikoa dela hainbat sektore eta fasetako proiektuei bidaidetza eskaintzeko BIC Gipuzkoaren jardunean; eta funtsezkoa dela zeregin horretan ikastaroan parte hartzen dutenen artean partekatze-espazioak zabaltzea eta sinergiak sortzea”.
Programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du, eta proiektu bakoitzaren beharretara pertsonalizatzeko aukera handiak eskaintzen ditu.
Lehen ekitaldian IESEn Ekimen Ekintzailetzako eta Berrikuntzako irakaslea den Mathieu Carenzo ere aritu da, eta “Startupak akabatzen dituzten 10 akatsak… eta horiek nola konpondu” izan du mintzagai.
2018ko laguntzen katalogoa
Toribio Echevarria Sarien 28. edizioa aurkeztu da