ASPEGI Sarien VI edizioa

ASPEGI Sarien VI Edizioa: ASPEGI sariak Ainhoa Lete Núñezek eta María Luisa Arriola Nietok jasoko dituzte, Gipuzkoako 2021eko enpresaburu onenaren kategorian eta zuzendari onenaren kategorian, hurrenez hurren.

Gipuzkoako Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak (ASPEGI) BuntPlanet enpresaren fundatzaileetako bat eta CEO Ainhoa Lete Núñez eta BIC Gipuzkoa Berrilan sozietatearen zuzendari kudeatzaile Marisa Arriola Nieto hautatu ditu Gipuzkoako 2021eko enpresaburu eta zuzendari onenen sarietarako, hurrenez hurren.

ASPEGI sariak bi kategoriatan banatzen dira 2016az geroztik: enpresaburua eta zuzendaria/profesionala. Sari horien helburua emakumeek ekonomiaren alorrean egiten duten ekarpena ageriko egitea da. Hala, sari horien bidez, emakume enpresaburuak, zuzendariak eta profesionalak saritu eta ikusarazi nahi dira, haien ibilbide profesionala publikoki aitortuz; izan ere, ibilbide horietan, ahalegin eta inplikazio profesionaleko faktoreak uztartzen dira, eta kudeaketaren alorreko ezagutza-maila handia da, baliabideak, lorpenak eta onurak lortzeko.

Nerea Ibáñez ASPEGI elkartearen lehendakariak zera dio: “Aurtengo bi saridunen profila azpimarratu nahi dugu, enpresaren alorrean eta emakumeen ekintzailetzaren alorrean erreferente baitira, are gehiago egun bizi dugun egoeran. Izan ere, enpresek ezinbestean egokitu behar dute, etengabe aldatzen ari den errealitatera eta ziurgabetasuna nagusi den egoerara, eta, beraz, zuzendaritza-taldeak hartzen dituen erabakiek berebiziko garrantzia dute egungo egoerak sortzen dituen erronka guztiei, zeinak bereziki emakumeei eragiten dieten, aurre egiteko”.

Ainhoa Lete Núñez, ingurumenaren eta digitalizazioaren elkargunean

Irizpide horiek oinarri hartuta, ASPEGI elkarteak Ainhoa Lete Núñez hautatu du Gipuzkoako 2021eko enpresaburu onena. Egun, BuntPlanet enpresaren CEOa da, eta 25 urte baino ez zituela sortu zuen teknologia-enpresa; harrezkero, enpresaren bilakaera izugarria izan da: batez ere bertako bezeroentzako neurrira egindako softwareak garatzen zituen enpresa espezializatua zen hasieran, eta hamaika herrialdetan proiektuak dituen nazioarteko enpresa da egun, zehazki, uraren sektorean adimen artifiziala aplikatzen duen enpresa espezializatua da. Kontuan izan behar da sektore estrategiko globala dela urarena, eta oso enpresa gutxik dituztela egun BuntPlanet enpresak dituen gaitasun teknologikoak. Azken hamarkadan, ingurumenaren eta digitalizazioaren elkargunean garatu du ibilbide profesionala, eta oso ikuspegi berritzaileekin egiten die aurre bi erronka global horiei.

Ainhoa Lete Núñezek zera adierazi du: “Emakumearen karrera enpresa-munduan ultra maratoi bat da. Aitortza hau, izugarri eskertzen diodana ASPEGI elkarteari, ohore handia eta opari ahaztezina da niretzat. Sari hau beren enpresak eta proiektuak aurrera atera daitezen egunero saiatzen diren emakume guztiekin partekatu nahi dut, nire inspirazio-iturri diren eta benetako berdintasuna lortzeko iraupen-lasterketa honen parte diren emakume guztiekin. Bihotz-bihotzez eskertzen diet Ingeniarien Elkargoko kideei nire hautagaitza aurkeztu izana, bai eta emakumeak ingeniaritzan ageriko egin daitezen laguntzeagatik eta egindako lanagatik. Benetan nahi nuke sari honek balio izatea emakumeengan teknikarako eta enpresarako bokazioak pizteko, haiek ere, nik bezala, beren bizitza aukerez beteta dagoela senti dezaten”.

María Luisa Arriola Nieto, 90eko hamarkadako Gipuzkoako industria-sektoreko emakume bat, eta izaera ekintzailearen sustatzailea.

Zuzendari/profesional onenaren kategorian, ASPEGI elkarteak María Luisa Arriola Nieto hautatu du. BIC Gipuzkoa Berrilan sozietatearen zuzendari kudeatzailea da 1998. urteaz geroztik, eta ibilbide profesional zabala eta askotarikoa du. Egun, Bilboko Deustuko Unibertsitatean irakaslea ere bada, Ekintzailetza eta Barne-ekintzailetza eskolak ematen MBA-EMBA programan. Horrezaz gain, Erakundeen Psikologia eta Esku Hartze Psikosoziala Masterrean (EHU) irakasle gonbidatua da, eta ekintzailetzako eta barne-ekintzailetzako estrategiari buruzko hitzaldi ugari eman ditu ikastetxeetan, instituzioetan eta erakundeetan, bai estatuan eta bai nazioartean. Alderdi horretatik, etorkizuneko belaunaldien artean izaera ekintzaile eta barne-ekintzaile berdinzaleagoa sustatzen aitzindarietako bat dugu profesional hau.

Maria Luisa Arriola, 90eko hamarkadako Gipuzkoako industria-alorrean, emakume bakarrenetako bat da makina-erramintaren sektorean abiatzeko prozesuen berringeniaritzaren inguruko aholkuak ematen zituena, zenbait erakundetan eman ere; laguntza ematen zieten enpresen lehiakortasuna eta emaitzak hobetzeko azken joerak AEBetatik inportatzen zituen.

Saridunak zera azaldu du: “Poz handiz jasotzen dut sari hau, ilusioz eta konbentzimenduz, Bic Gipuzkoan egiten dudan lanetik eta inplikaziotik ASPEGI Sarien helburuak babesten eta bultzatzen jarraituko dudala, erabaki irmoz: Gipuzkoan enplegua eta aberastasuna sortzea, Gipuzkoako emakume ekintzaileei, enpresaburuei eta zuzendariei beren eguneroko lanean balio eta ikusgarritasun handiena emanez, gaur eta etorkizunean Gipuzkoan gizarte justuagoa, solidarioagoa, berritzaileagoa eta lehiakorragoa lortzeko”.

EKITALDIAREN BIDEOA

31 startup berritzailek 40 kontratu lortu dituzte BIND 4.0 plataformako trakzio-enpresekin 5. ediziorako
2021 ANCES Open Innovation programak 10 erronka teknologiko berri ditu