Bederatzi proiektu finalistak Toribio Echevarria sarien hautagai


• 28. edizio honen irabazleak uztailaren 18an jakinaraziko dira

• 5 finalista daude ideia/proiektuen kategorian eta 4 enpresa berriaren kategorian

Toribio Echevarria sarien epaimahaiak deialdi honen irabazle izateko hautagai diren bederatzi proiektu finalistak hautatu ditu. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatuta, Toribio Echevarria sariek bereziki berrikuntza teknologikoa bereizgarri duten ekintzailetza-ekimenak aintzatetsi eta bultzatzen dituzte. Proiektu finalistak ekintzailetzako eta enpresa-garapeneko epaimahai adituak hautatu ditu, sari hauetarako aurkeztu diren 27 hautagaitzen artean.

Bederatzi proiektu finalistek beren jarduera industriaren/jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren, bio/osasunaren eta IKTen sektoreetan garatzen dute, eta apustu berritzaile sendoak dituzte. Kategoria bakoitzeko irabazleek 10.500 euroko zuzkidura ekonomikoa jasoko dute eta laguntzarako, aholkularitzarako eta prestakuntzarako sarbidea izango dute.

Toribio Echevarria sariak Euskadin ekintzailetza-ekimenak aintzatesteko sortu ziren, eta beren sustatzaileei jardueraren hasieran babesa emateko; sarian Euskadiko ideia eta proiektu ekintzaileen sariketa nabarmenena bilakatu da.

Guztira, 27 enpresa-ekimen izan dira sari hauen hautagai. Horietatik, 17 “Ideia eta proiektu”en kategorian eta 10, “Enpresa berria”ren kategorian. “Ideia eta proiektu”en kategoriako finalistak Emotion Dynamics, Naru Intelligence, Polimerbio, SpermSelect eta Inmersia dira. “Enpresa berria”ren kategorian, epaimahaiak hautatu dituen bost finalistak honako hauek dira: CIN Advanced Systems, Cyber surgery, Vixion Connected Factory, eta Kookite.

• “ENPRESA IDEIA/PROIEKTUAK” KATEGORIA

Emotion Dynamics: Industria-ibilgailuetarako energia zinetikoa berreskuratzeko sistemaren berezko soluzioaren diseinua, garapena eta merkaturatzea.

Naru Intelligence: Step konplikazioak murrizten eta paziente onkologikoen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duen sistema adimenduna da.

Polimerbio: Produktu biomediko biodegradagarrien garapena, formulazio polimeriko berrietatik abiatuta.

SpermSelect: Laguntza bidezko ugalketan arrakasta-tasak hobetu ahal izateko hautaketa espermatikorako metodo berria.

Immersia: Errealitate birtualean datuak ikusarazteko tresna aurreratuak, analisiaren gaitasuna areagotzeko eta datuetatik abiatuta (big data) ezagutzaren sorkuntza bultzatzeko eta negozio-kudeaketako erabakiak sustatzeko.

• “ENPRESA BERRIA” KATEGORIA

CIN Advanced Systems: Ikuspegi artifizialeko soluzioak (holografia konoskopikoa), hutsak digitalizatu, neurtu eta detektatzeko pieza konplexuetan.

Cyber surgery: Bizkarrezurreko operazioetarako laguntzaile robotikoa

Vixion Connected Factory: Makinen monitorizazioaren eta datuen analisiaren bidez fabrikazioa hobetu eta optimizatu ahal izateko 4.0 soluzioa.

Kookite: Hidrohegoen diseinua, fabrikazioa eta merkaturatzea (Kitesurf).

Beste sari batzuk

“Enpresa ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria” kategoriez gainera, Toribio Echevarria sariek beste ekimen batzuk ere saritzen dituzte, garapen teknologikoan edo nazioartekotzeko prozesuan laguntza behar dutenak. Edizio honetan, era berean, bi sari berezi deitu dira, 5.250 €-koa bakoitza, eta Enpresa ideia/proiektuen eta Enpresa berrien kategorietan irabazle edo finalista den proiektuari dagozkion Eibarko ekimenei emango zaie.

Sari horien bidez, proiektu ekintzaileen ekimena, berrikuntza, ekiteko gaitasuna, sormena eta enpresa-garapena sustatu eta aintzatetsi nahi dira, eta bereziki nabarmendu berrikuntza teknologikoa.

Sariketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuek 38 milioi euro inguru inbertitu dituzte, 750 lanpostu baino gehiago sortu dituzte, gehienak kualifikazio-maila altukoak.

Toribio Echevarria sarien 28. edizio honetako sari-banaketa datorren uztailaren 18an izango da, goizeko 11:00etan, Eibarko Tekniker fundazioaren eraikinean, eta, bertan, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Miguel de los Toyos Eibarko alkatea eta Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako, Berrikuntzako eta Informazioaren Sozietateko zuzendaria izango dira.

Ekitaldian, Javier Fernández de Retana Aernnovako Erakunde Harremanetarako zuzendariak hitzaldia emango du: “Las Startups y la Industria 4.0 revolucionando el sector aeronáutico”.

Toribio Echevarria sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimena dira; bertan, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpegitura Sailaren Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Departamentuak parte hartzen dute. Era berean, honako hauek ere badihardute lankidetzan: Gipuzkoako ganbera, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen elkarteak.

BIC Gipuzkoak 42 enpresa-proiektu berri onartu ditu urteko lehen hiruhilekoan
Munduko bostehun startup baino gehiagok parte hartu nahi dute BIND 4.0 euskal azelerazio-programaren hirugarren ekitaldian