EKINTZAILE XXI, enpresa berritzaile gazteentzako funts berria

Lehendakari jaunak
aurkeztu du arrisku kapitalaren funts berria, enpresa berritzaileen
hasierako etapak finantzatzera zuzenduta dagoena. EKINTZAILE XXI enpresa berritzaile gazteei abiatze eta garapen faseetan laguntzeko
helburuarekin sortu da, eta horretarako hauen kapitalean parte hartuko
du. Funtsak hasiera batean 5 milioi euroko zuzkidura izango du, baina
zenbateko hau handitzen joango da aurkeztutako proiektu kopuruaren
arabera. Funts berria Euskadiko Arrisku Kapitaleko Sozietateak
kudeatuko du eta batez besteko parte hartzea 100.000€ eta 500.000€
bitartekoa izango da.

Honela, EKINTZAILE XXI-ekin
osatzen da Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek enpresa berriak
sortzeko daukaten funts eta programa eskaintza. Hauek denak euskal
geografia guztian banatutako bost Enpresa eta Berrikuntza Zentroen
bitartez kudeatzen dira.

Jardunaldian zehar,
ekintzaileentzako funts berriaz gain, hainbat finantza tresna aurkeztu
dira enpresa berritzaile gazteentzat: Hazi Arrisku Kapitala, Business
Angels eta EAEko, Estatuko edota Europako Merkatu Alternatiboa. Hau
dena aurkezteko, hainbat pertsonak hartu du parte jardunaldian, besteak
beste, Aitor Cobanera, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa Sozietateko zuzendari nagusiak, Javier Echarri, European Private Equity and Venture Capital Association-eko idazkari nagusiak eta Manuel Ardanza, Deustuko Unibertsitateko Irakasle eta Burtsa-merkatu Alternatiboko aholkulariak.

Javier Echarrik Arrisku Kapitalaren sektoreak Europan bizi duen egoera aztertu du EVCA
elkartearen ikuspuntutik. Arrisku Kapitalaren Europar elkartea
1983.urtean sortu zen, Bruselan du egoitza eta Europako Arrisku
Kapitalaren sektoreak dituen betebehar eta interesak sustatu, erraztu
eta ordezkatzea da bere helburua.

Manuel Ardanzak “Hedatze prozesuan dauden Enpresentzako Merkatuaz” hitz egin du.
Merkatu berri hau Burtsa-merkatu Alternatiboak sortu du (ez da merkatu
ofiziala edo burtsa merkatua, baina ondo antolatuta dago, eta Balore
Merkatuaren Legean “negoziazio sistema multilaterala” deitzen zaio).
Burtsa-merkatu Alternatiboak merkatu bat eskaintzen die kapital txiki
eta ertaina duten enpresei, lehen merkatuak baino eskakizun txikiagoak
dituena eta Burtsaren ezaugarrietatik asko urruntzen dena.

Jardunaldia amaitzeko, Laureano Simón Progénika-Biopharma-ko kontseilari delegatuak eman du hitzaldia, eta
bere enpresa martxan jarri eta garatzerakoan izandako esperientzia
azaldu du.

Frantzian berrikuntza hobetzeko hamar proposamen biltzen dituen Liburu Zuri bat prestatzen ari dira
Eibarko Bic Berrilan-eko inkubadorearen zabalkuntzaren inaugurazioa