Enpresa eta Ekimen Berriak sustatzeko Toribio Echevarria sarien berria ireki da

Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 20an amaitzen da

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoa erakundeak gaur goizean aurkeztu dute Toribio Echevarria sarien 32. edizioa.  Euskadiko enpresa-ekimenak aitortzeko eta ekintzaileei beren jarduera-hasieran laguntzeko sariak erreferente bihurtu dira Euskadiko ekintzaile eta berritzaileen artean. Sari hauen diru-kopurua eta saritutako enpresa batzuen bilakaerak pizgarri dira Euskadin startup eta enpresa-proiektu berriak garatzeko.

Toribio Echevarria sarien 32. edizio honen xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte Eibarko Udalean herriko alkate Jon Iraolak, BIC Gipuzkoa erakundearen zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak eta Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko zinegotzi Ana Telleriak. Zentzu honetat, adierazi dute hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko startup eta enpresa-proiektuei zuzenduta daudela, berrikuntza zientifiko-teknologikoan arreta berezia jarriz. Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 20an amaituko da. Oinarriak www.toribioechevarria.com sarien webgunean kontsulta daitezke.

Toribio Echevarria sarien deialdia bi kategoria nagusitan banatzen da: “Enpresa-ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”. Haietako bakoitzak 10.500 euroko sariaz gain, aukera ematen du laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoretza- eta formazio-programetan parte hartzeko.  Horiez gain, sari bat dago nazioartekotze-bidean laguntza behar duten enpresa-ekimenetara bideratua eta beste bi sari berezi Eibarko Udalak ematen dituenak.

Sari bereziak

Bestalde, Toribio Echevarria sarien azken hiru edizioetan, Eibarko Udalak bi sari berezi eman ditu, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” izenekoak, herrian berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoa indartzeko helburuz. Bi sari hauek 10.500 euroko zenbatekoa dute bakoitzak eta baita BIC Gipuzkoa erakundearen bidez formazio espezializatua jasotzeko aukera ere.  Bi kasuotan, exijitzen den baldintza da enpresak Eibarren edukitzea bere egoitza edo konpromisoa hartzea saria ematen denetik urtebeteko epean Eibarren jarraitzeko, bi urteko epe batean gutxienez.

“Eibarko enpresa” saria, berriz, beste bi kategorietako edozeinetan aurkeztutako hautagaitza bati emango zaio; irizpidea izango da kalitate eta berrikuntza maila handia eskaintzea eta merkatuari balio-proposamen bat egitea, bai eta inbertsioa eta enplegua sortzeko ahalmena izatea ere.

“Espezializazio estrategikoa” sariaren kasuan, kirolaren alorrean kokatutako egitasmoak lehenetsiko dira; nolanahi ere, beste arlo estrategiko batzuk ere aintzat hartuko dira, hala nola energia eta manufaktura aurreratua, bereziki, mikrodoitasun-mekanika eta robotika.

Bere interbentzioan, Jon Iraola Eibarko alkateak bere aurkezpenean azpimarratu nahi izan du zer inpaktu izan duten sari hauek irabazitako enpresek ekonomia- eta enpresa-ehunean. Sari berezi hauek jasotako Ekolber, Scrapad, Lean Stocks eta Fokus enpresek, esaterako, 3,5 milioi eurotik gorako inbertsio publiko-pribatua sortu dute eta kualifikazio handiko 30 enplegu.  Urte hauetan zehar eskualdeko beste enpresa batzuk ere saritu dituzte, hala nola Atten 2 enpresa teknologikoa, Jaz Zubiaurre eta Ocamica Hnos.  “Hortaz, herriaren etorkizunaren aldeko apustu benetan estrategikoa egiten da eta  horri esker balio erantsi handiko enpresak sortzen ari dira eta nazioarteko erreferente bihurtzeko potentzialtasuna dutenak.”

Marisa Arriola BIC Gipuzkoa erakundeko zuzendari kudeatzaileak zera esan du: “Pandemia ideia eta proiektuen azeleragailua izan da, azken bi urteetan BICen ohiko jardueran eta Toribio Echevarria sarien testuinguruan aurkeztu eta aztertu diren proposamenen bilakaeran frogatu den bezala. Sari hauek  32 urteotan bizi izan dugun bilakaera ekonomiko eta enpresarialaren isla bihurtu dira”.

Bere aldetik, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak adierazi du “Udal honek, hiri honek, ekintzailetzaren alde egiten duen apustua argia eta zintzoa da, eta gure konpromiso irmoa, ekintzailetza hazteko eta ekonomikoki garatzen jarraitzeko alternatiba gisa ulertzen dugulako, gure industriak balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak eskuratu ahal izan ditzan, teknologikoki aurreratuak eta lehiakorragoak izan daitezen. Ekitea prozesu konplexua da, eta erronka askori aurre egin behar zaie, baina zentzuz eta seriotasunez ekin nahi duenak babesa eta laguntza izango ditu. Merezi du saiatzea.”.

Sari hauetan, Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutakoak, parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak. Parte hartzen dute, baita ere, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, El Diario Vascok, SPRIk, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek.

Nola izan enpresa ekintzaileagoa. Barne-ekintzailetzarako laguntzak Gipuzkoan
NEOTEC 2022 aurkezpena