Entreprenari programako Aholku Batzordearen bilera

Euskal Herriko Unibertsitatearen (Gipuzkoako Campusa) eta Bic Gipuzkoaren arteko aliantza estrategikoa da Entreprenari programa. Enpresa berritzaileak eta/edo oinarri zientifiko-teknologikokoak sortuz, teknologia eta jakintza merkatura transferitzea da bere helburu nagusia. Programako Aholku Batzordeak berriki lan bilera bat egin du Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan. Bilerako buruak campuseko errektoreorde Agustín Erkizia eta Bic Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriola izan ziren.

Enpresa hauetako ordezkariek parte hartu zuten topaketan: CAF, Irizar, Danobat Group, Egile Corporation XXI, TTT Group, Erreka Group, Sammic, Kutxa Fundazioa eta Salto Systems. Jardunaldian, Gipuzkoako Campusaren ekintzailetza helburuak aurkeztu ziren, baita Entreprenari programarenak ere. Halaber, Enlight aliantzaren aukerak aztertu zituzten; izan ere, UPV/EHUk Europako unibertsitate partzuergo horretan parte hartzen du, kontinenteko beste zortzi unibertsitaterekin batera.

Bileran, Entreprenari programaren datuak ere aztertu ziren: bikainak dira eta martxa onean doala erakusten dute. 2000 eta 2020 urteen artean, programa horren babespean, 363 ekimen ebaluatu dira, 134 proiektu babestu dira Txekintek/Ekintzaile programaren esparruan, 77 startup bultzatu dira (Gomavial, Farapi Koop., Polykey Polymers, Miramoon Pharma, Mas+D, Eleka Ingeniaritza Liguistikoa, Wimbitek…), 610 lanpostu sortu dira, programaren batez besteko inbertsio maila 0,5 milioi eurokoa izan da, eta prestakuntza ikastaroetan 3.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Halaber, lan jardunaldian, Euskal Herriko Unibertsitateak jakintzaren sorkuntzan eta transferentzian eragile gisa duen rolaren balioa azpimarratu zuten. Gaur egun, transferentzian aktibo dauden 200 ikerketa talde inguru daude, 600 erakunde bezero baino gehiago eta I+Garen eta teknologia zerbitzuen arloko fakturazioa 11 milioi euro ingurukoa da. Bestalde, 3 ekintzailetza programa daude martxan, 6 enpresa inkubagailu, 18 lizentzia berri, 31 lehentasunezko patente, 200dik gora teknologia babestu, 10 spin-off berri eta 43 negozio aukera daude ebaluatuta.

“Gaur egun errealitate enpresarialak diren proiektu eta ekimenen bidez, Entreprenari programa motor argia da Euskal Herriko Unibertsitatetik merkatura jakintza transferitzeko. Enpresa horiek merkaturako balio proposamen interesgarriak egiten dituzte, eta haien taldeek goi mailako kualifikazioa dute. Eta ziur nago programak sorreran izan zuen xedea sobera betetzen jarraituko duela etorkizunean”, azpimarratu du Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkiziak.

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak 2,75 milioi bideratu ditu biozientziei lotutako hamar startupen jarduerara
EKINTZAILE programa