Etorkizuneko mugikortasuna aldatzea helburu duten sei proiektu iritsi dira MUBIL Mobility Awards sarien finalera

  • Sarien lehen edizio honetara 28 proiektu aurkeztu dituzte EAEko, Estatuko eta nazioarteko hainbat enpresek. Epaimahaiak sei finalista aukeratu ditu: Gipuzkoako bi proiektu, Bizkaiko beste bi, Madrilgo bat eta Kataluniako bat.

 

  • Bi proiektu irabazleek 35.000€ banatuko dituzte eta, urtebetez, nazioartean erreferentziazkoa den MUBIL ekosisteman parte hartzeak eskaintzen dituen aukerak baliatu ahal izango dituzte mugikortasun adimendun eta jasangarriko proiektuak garatzeko.

 

  • Finalistek euren proiektuak defendatu eta bi irabazleak ezagutzeko ekitaldia irailaren 20an egingo da Tabakaleran (Donostia), eta streaming bidez jarraitu ahal izango da hainbat hizkuntzatan. Ekitaldia Antonella Broglia gizarte-berrikuntzaren arloko nazioarteko erreferenteak zuzenduko du.

 

  • Sariak MUBILek antolatu ditu, ‘Etorkizuna Eraikiz’ ekimenaren barruan, lankidetza publiko-pribatua bultzatuz Gipuzkoa eta Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzeko mugikortasun berriaren sektorean.

MUBIL Mobility Awards ekimenak dagoeneko aukeratu ditu etorkizuneko mugikortasuna aldatzea helburu duten sei proiektuak. Finalistak Estatuko eta Europako zenbait enpresek bultzatutako 28 proposamenen artean aukeratuak izan dira. Horietako lau Euskadikoak dira (bi gipuzkoar eta beste bi bizkaitar), bat Madrilgoa eta bestea Bartzelonakoa. Hautatutako ekimenek lantzen dituzten arloen artean, honako hauek azpimarra daitezke: gidatze automatizatua probatzeko simulazio-plataformak, kargatzeko estazio mugikor bat, errepideen egoera automatikoki ikuskatzeko sistemak eta % 100 elektrikoa eta adimenduna den motozikleta bat.

Hautaketa-prozesu horren ondoren, bi proiektu irabazleak irailaren 20an aukeratuko dituzte Tabakaleran (Donostia), eta streaming bidez jarraitu ahal izango da ekitaldia hainbat hizkuntzatan. Sari-banaketa saioa Antonella Broglia gizarte-berrikuntzaren arloko nazioarteko erreferenteak zuzenduko du.

Bi irabazleek 35.000 euro banatuko dituzte (25.000 euro lehenengoarentzat eta 10.000 bigarrenarentzat) eta, urtebetez, nazioartean erreferentziazkoa den MUBIL ekosisteman parte hartzeak eskaintzen dituen aukerak baliatu ahal izango dituzte mugikortasun adimendun eta jasangarriko proiektuak garatzeko. Izan ere, ekimen honen laguntzaile dira CAF, Irizar e-mobility, Petronor eta Iberdrola bezalako enpresak.

Finalistak

Donostiako Ecomagnet enpresa da finalistetako bat. Motor elektriko zaharkituen materialak berreskuratu eta prozesatzea du helburu, lur arraroak erauzi eta motor elektriko berriak sortu ahal izateko. Donostiako beste ekimen batek ere lortu du finalera iristea: Proven izenekoak, alegia. Ibilgailu autonomoen garapena arintzeko datuak baliozkotzeko plataforma bat garatzen ari dira.

Bestalde, bi enpresa bizkaitar ere aukeratuak izan dira. Batetik, Asimob enpresak errepideen ikuskapen automatizatuko sistema bat garatu nahi du, bidearen ikuspen-mailaren eta egoeraren baldintzak sistematikoki egiaztatzeko; eta bestetik, Ox Riders izenekoa % 100 elektrikoa eta adimenduna den motozikleta bat fabrikatzeko prozesuan dago.

Bartzelonako BiaPower-Grid ere azken fasera heldu da, ibilgailu elektrikoen karga optimizatzeko software plataforma baten garapenean oinarritutako proiektuarekin. Eta, azkenik, Madrilgo Wattson Smart Charging ere sailkatu da, zeina biltegiratze-sistema garraiagarri batean oinarritutako kargatzeko estazio mugikor bat sortzeko proiektu batekin lehiatzen ari den.

Sari banaketa ekitaldia

Finalistek euren proiektuak defendatu eta irabazleak erabakitzeko ekitaldia irailaren 20an izango da, 16:30ean, Donostiako Tabakalera eraikinean. Gainera, streaming bidez jarraitu ahal izango da, hainbat hizkuntzatan, eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak parte hartuko du ekitaldian.

Gipuzkoako Foru Aldundia da MUBIL Mugikortasun Adimendun eta Iraunkorreko Zentroaren bultzatzaile nagusia. Gainera, laguntzaile dira BIC Gipuzkoa (Energiaren Euskal Erakundea), Gipuzkoako Bazkundea, Indar, IBIL, Innoenergy eta Urban Mobility Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT), CIDETEC, Euskadiko Energia Klusterra, MLC ITS Euskadi Mugikortasun eta Logistika Klusterra, eta baita aipatutako CAF, Irizar e-mobility, Petronor eta Iberdrola ere.

Sari banaketarako izen ematea

 

BIND 4.0k irailaren 10ean itxiko du startup berritzaileek izena emateko epea
Lan-eskaintza