- MindSensek irabazi du III Global Graphene Call, dementzia diagnostikatzeko gailu iraultzaile batekin: etxean erabiltzeko moduko tresna eramangarri, zehatz eta merkea da, dementzia goiz diagnostikatzea posible egin dezakeena mundu osoko etxe eta kliniketan.
- CIC nanoGUNEk, BerriUpek, Grapheneak, Donostia Sustapenak eta BIC Gipuzkoak batera egindako deialdiak ideia iraultzaileak bilatzen ditu, grafenoak erabilera industrial eta teknologikoetarako duen potentzialari heltzen diotenak.
Donostia 2025eko uztailaren 1a. Londreseko MindSens enpresa izan da III Global Graphene Callen irabazleetako bat. Proiektu berri hori kostu txikiko gailu eramangarri bat garatzen ari da dementzia garaiz detektatzeko –sintomak agertu aurretik–, Londresko University Collegen (UCL). CIC nanoGUNEk, BerriUpek, Grapheneak, Donostia Sustapenak eta BIC Gipuzkoak batera egindako deialdiak ideia iraultzaileak bilatzen ditu, grafenoak erabilera industrial eta teknologikoetarako duen potentzialari heltzen diotenak.
MindSens osasunaren arloko teknologiako Erresuma Batuko start-up bat da, odol-tanta bakar bat erabiliz alzheimerra garaiz detektatzeko gailu bat garatzen ari dena. Gailuak grafenoa darabil bere sentsoreetan. Grafenozko eremu-efektuko transistore batez (GFET) baliatzen da, non grafenozko gainazal funtzionalizatuek eta xede-analitoek elkarri eragiten baitiote eta eroangarritasuna aldatzen baitute, zehaztasun handiz detektatzeko.
Hainbat herrialdetako —esaterako, Erresuma Batuko, Suediako eta Indonesiako— sei profesionalez osatutako diziplina eta herrialde anitzeko talde indartsu batek dihardu lanean. Bakoitzak bere zeregina du: exekutiboa, negozioaren garapena, produktuaren diseinua, softwarearen garapena eta I+G, eta, horiekin guztiekin, spin-off proiektu hau enpresa sortzeko leku egokiaren bila dabil orain. Gaur gaurkoz, gure artean da Rica Asrosa Indonesiako ikertzaile zientifikoa, zeina materialen zientziaren inguruko doktoretza amaitzen ari den Londresko University Collegen, Donostian ari baita lanean, nanoGUNEn, produktu hori garatzen, III Global Graphene Callen sariari esker . Taldearen helburua da spin-off enpresa bat abian jartzea, burmuineko osasuneko diagnostiko eskuragarrietara emana; lehenik eta behin, dementziarenera, eta, gero, neuroendekapenezko beste gaixotasun batzuetara zabaltzeko asmoz.
“Oraindik ez dago dementziarako sendabiderik, baina detekzio goiztiarrak sintomen agerpena atzeratu dezake, eta etorkizuna antolatzen lagundu diezaioke jendeari. Gure gailuak horixe ahalbidetzen du, baita baliabide gutxiko egoeretan ere, erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (MRI) edo laborategietako testak eskuragarri ez daudenetan”, azaldu du Rica Asrosak.
Testak dagoeneko baliozkotu dira plasmarekin eta giza odolezko lagin klinikoekin, eta taldea proba klinikoak eta produktuaren diseinua eta estandarizazioa prestatzen ari da, produktua laster merkaturatzeko asmoz.
“Global Graphene Calleko irabazle izendatzea aukera paregabea da. Punta-puntako instalazioak eskura izateak eta elkarlan-giroak aukera ematen dit nire ikerketan nabarmen azkarrago egiteko
aurrera. Zinez eskertzen ditut babesa eta azpiegitura aurreratua, gure proiektuarekin aurrera egiten laguntzen ari baitzaizkit”, esan du ikertzaile indonesiar gazteak.
Rica Asrosaren arabera, “sentsore-sistema bereziak bihurtzen du deigarri gailua, grafeno eraldatua erabiltzen baitu. Oinarrizko grafenoa Grapheneak eman zigun, baina eraldaketa kimiko guztiak era independentean egin ziren, nanoGUNEn, bertako ekipamendua erabiliz. Tresna horiek ezinbestekoak izan ziren aztertzeko nola aldatu zen grafenoaren egitura eta nola eragin zieten aldaketa horiek sentsore-gaitasunei”.
“Laborategiko test tradizionalek ez bezala –motelak izan daitezke, garestiak, eta laborategi zentralak behar dituzte–, garatzen ari garen teknologiak minutu gutxitan ematen ditu emaitzak, zerrenda batean odol-tanta bat botata. Ez du laborategiko ekipamendu garestirik behar, ezta hura erabiltzeko teknikari prestaturik ere”, gaineratu du ikerlariak.
– – –
CIC nanoGUNE
Donostiako CIC nanoGUNE Nanozientziako Ikerketa Kooperatiboko Zentroa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean bikaintasuneko ikerketa egitea, Euskal Herriaren hazkuntza ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko. NanoGUNEk Espainiako Ikerkuntza Agentziaren aintzatespena du, Maria de Maeztu bikaintasun-unitate izendatua baitago. www.nanogune.eu
BerriUp
2015ean sortua, BerriUp Espainia iparraldeko azeleragailu nagusia da. Easo Ventures SCR funtsaren babesari esker, prestaketa-programan sartu diren 40 start-up baino gehiago bultzatu ditu. Funcas fundazioaren urteroko txostenaren arabera, BerriUp estatuko azeleragailuen sailkapenean lehena egon da 2021etik, eta 50 mentore baino gehiagoko sarea dauka. BerriUpek berrikuntza irekia ere sustatzen du, start-up teknologikoak eta konpainia handiak konektatuz, erronka estrategiko errealak identifikatzen eta soluzio disruptiboekin lotzen dituzten programa pertsonalizatuen bidez. Era horretan, BerriUpek ekintzailetzako eta berrikuntzako ekosistemako eragile gakoen arteko elkarlana sustatzen du, eta zubi-lana egiten du gorabidean dagoen talentuaren eta negozioen beharren artean. Informazio gehiago: www.berriup.com
Graphenea
Graphenea, 2010ean sortua, liderra da CVD grafenoaren eta grafeno oxidoaren ekoizpenean. Enpresa honek grafenoz hornitzen ditu 50 herrialdetako 800 bezero, eta ekoizpeneko eta I+Gko laborategi bat du Donostian, baita merkataritzarako bulego bat ere Bostonen, AEBn. Graphenearen taldean 40 profesional daude, eremu ugarikoak, besteak beste, zientziakoak, ingeniaritzakoak, finantzetakoak eta negozioen garapenekoak. CVD grafeno estandarrezko eta grafeno oxidozko produktuez gain, Grapheneak neurrira egindako formulazioak eskaintzen ditu industria-erabileretarako, eta grafeno-fundizioko zerbitzu bat ere bai, grafenozko txip pertsonalizatuak fabrikatzeko. Informazio gehiago: www.graphenea.com
Donostia Sustapena
Donostia Sustapena garapen ekonomikorako eta berrikuntzarako udal-agentzia da. Haren xedea da proiektu berritzaileak bultzatzea, hiriaren ekonomia eta enplegua sustatzeko, jendea erdigunean jarriz eta eredu kolaboratibo baten bitartez.
Donostia berrikuntzako eta ekintzailetzako nodo gisa posizionatzeko estrategia honetan, Sustapenak EKINNekin lan egiten du, hiriaren berrikuntza-zentroarekin, eta, besteak beste, EKINN+en moduko programak eskaintzen ditu, negozio-eredu berritzaileen sorrera, hazkundea eta sendotzea bultzatzeko. EKINN+ek laguntza eskaintzen die ekintzaileei haien ekimenak baliozkotzeko, abiarazteko, finantzatzeko eta heltzeko, eta, hala, jardun handiko berrikuntza-komunitate bat babesten du, eta start-upen eta bertako enpresa errotuen arteko elkarguneak sortzen. Informazio gehiago: www.fomentosansebastian.eus
BIC Gipuzkoa
BIC Gipuzkoa negozio-alorreko berrikuntza-zentro bat da, katalizatzaile-lanak egiten dituena Gipuzkoan teknologia-enpresa berritzaile berriak sortzeko. Haren xedea da ekintzaileei eta start-upei laguntzea proiektuen faserik kritikoenetan, ideia baliozkotzetik, hazkunde eta sendotzera. Ekintzaile-Txekintek moduko programen bitartez, BIC Gipuzkoak finantzaketa, aholku estrategikoak eta adituen eta enpresa errotuen sare bat eskaintzen ditu. Gainera, ekintzailetza-kultura ere sustatzen du eskualdean, soluzio disruptiboak sustatzeko eta bertako negozioen ekosistemaren lehiakortasuna hobetzeko. Informazio gehiago: https://www.bicgipuzkoa.eus