Illunben kokatuko da BIC Gipuzkoaren egoitza berria, Gipuzkoako zientzia eta teknologia ekintzailetzaren aro berri bati bultzada emateko

Etorkizuneko egoitzak laborategien, azpiegitura zientifikoen eta lankidetza-espazioen 5.000 metro koadro inguru izango ditu, oinarri zientifiko-teknologikoko enpresen hazkundea bizkortzeko.

Lekualdatzea 2027ko lehen hiruhilekorako aurreikusita dago, eta horrek Gipuzkoako berrikuntza-ekosistema indartuko du eta EAEn erreferentziazko lankidetza publiko-pribatuko eredu bat finkatuko du.

Illunben kokatuko da BIC Gipuzkoaren egoitza berria. Horretarako, Miramongo Tandem eraikinean duen egungo egoitza utzi eta instalazio berrietara lekualdatuko da. Instalazio berriak 2027ko lehen hiruhilekoan martxan jartzea aurreikusten da. Azpiegitura berri horri esker, Gipuzkoak ekintzailetza zientifiko-teknologikoa sustatzeko dituen gaitasunak indartuko dira, eta balio erantsi handiko enpresa berritzaileen sorrera eta hazkundea erraztuko dira.

Iragarpena prentsaurreko batean egin da, eta bertan parte hartu dute Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Jon Insausti Donostiako alkateak, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendari nagusiak eta Javier García Cogorro Columbus Venture Partners-eko presidenteak.

 

Ekintzailetza zientifiko-teknologikorako etapa berri bat

Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Anduezak azpimarratu duenez, “BIC Gipuzkoak irudikatzen du gure lurraldearen garapena ulertzeko dugun modu bat, lankidetzan, berrikuntzan eta aukeren sorreran oinarritzen dena. Azken urteotan lortutako emaitzei esker, beste aurrerapauso bat eman dezakegu Gipuzkoaren gaitasunak indartuko dituen apustu estrategikoarekin, ekintzailetza zientifiko-teknologikoa bultzatzeko eta balio erantsi handiko enpresen sorrera eta hazkundea bizkortzeko. Gipuzkoako etorkizunaren aldeko apustua da, epe ertainean eta luzean industria berria sortzea, kalitatezko enplegua sustatzea, gure lehiakortasuna indartzea eta pertsonentzako aukera berriak sortzea suposatzen duelako.”

Ekintzailetza zientifiko-teknologikoa bultzatzeko erreferentziazko eragilea den BIC Gipuzkoaren lekualdatzea, azken hamarkadan izandako bilakaeraren ondorio da. Aldi horretan, 460 enpresa berritzaile sortu eta finkatu dira. Enpresa horiek eratu zirenetik bederatzi urtera % 80ko biziraupen-tasa izan dute, 3.243 lanpostu sortu dituzte eta inbertitutako euro bakoitzeko 71,25 euroko itzulera zenbatetsia izan dute.

Egoitza berrira lekualdatzeko arrazoia da Illunbeko inguruneak etorkizuneko enpresa-ekimenei eskainiko dien espezializazio-potentzialari ahalik eta etekin handiena ateratzea. BIC Gipuzkoaren etorkizuneko egoitzari esker (5.000 metro koadro inguru), oinarri zientifiko-teknologikoko enpresen inkubazio- eta azelerazio-gaitasuna handitu ahal izango da laborategi espezializatuen, azpiegitura zientifiko partekatuen eta balio erantsi handiko proiektuei laguntzeko sortutako espazioen bidez, bereziki bioteknologiaren, osasunaren eta bizi-zientzien arloan.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak adierazi duenez, “ekintzaile batentzat ‘talentuaren ehiza’,  finantzazioa lortzea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da. BIC berria hiri-ingurune batean kokatzeak gure startup-ek talentua erakartzeko duten gaitasuna indartzen du. Parkea gazteengana hurbildu behar dugu, erakargarriak, biziak eta garraio publikoan, bizikletaz zein oinez erraz iristeko modukoak diren inguruneetara. Donostiaren erdigunean, Miramongo Parkeren ondoan, kokatuko den BIC berriak bizi-kalitate paregabea eta maila goreneko erronka profesionalak uztartuko ditu. Hiri-ekintzailetzako zentroen eredu hori da Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako erreferente nagusietan ikusten duguna”.

Horrez gain, honako hau nabarmendu du: “Euskadi 2030 Industria Planaren helburua da gure seme-alabek izan nahi duten kalitatezko enplegua sortzea. Lanerako espazio berriak eraikitzeaz gain, lan egin nahi duten inguruneak zein diren ere entzun eta kontuan hartu behar ditugu”.

Egoitza berriak startupen, enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta inbertitzaileen arteko lankidetza bultzatuko du, eta proiektuak bultzatuko ditu adimen artifizialean eta datuetan, bioteknologian, osasunean, foodtechean, material aurreratuetan, energian eta kliman, industria aurreratuan eta beste teknologia estrategiko batzuetan.

Ekintzailetza zientifiko-teknologikoaren zerbitzurako azpiegitura

BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak nabarmendu duenez, “egoitza berria jauzi kualitatiboa da BIC Gipuzkoarentzat eta ekosistema osoarentzat. Enpresei lehen faseetatik finkatu arte laguntzeko pentsatutako espazio bat diseinatu dugu, laborategi espezializatuak, azpiegitura zientifiko partekatuak eta lankidetza-espazioak konbinatuz. BSL-2 laborategietarako, areto zurietarako, hazkuntza-aretoetarako eta biocoworking-guneetarako sarbideari esker, startupek eta enpresa sortu berriek baliabide estrategikoak izango dituzte berritzeko, hazteko eta merkatura azkarrago iristeko”.

Instalazioek 5.000 m² inguru hartuko dituzte, eta 11 laborategi pribatibo, startup eta enpresa inkubatuetarako 21 modulu, 100 m² baino gehiagoko laborategi zientifiko partekatu bat, biocoworking espazioak, 120 m² baino gehiagoko coworking eremu bat, 21 bilera-gela eta jardunaldi teknikoetarako eta networkingerako funtzio anitzeko espazio bat izango dituzte.

 

 

 

 

SOKAI Gipuzkoa Hub, berrikuntza-polo berria

Proiektua lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen da, eta helburu du Gipuzkoak eta Euskadik oinarri zientifiko-teknologikoko ekintzailetzan, ezagutzaren transferentzian eta lehiakortasunean dituzten gaitasunak indartzea.

Columbus Venture Partnerseko presidente Javier García Cogorrok honako hau adierazi du: “SOKAI Gipuzkoa Hub azpiegitura higiezin bat baino askoz gehiago da, bizitzaren zientzietan espezializatutako berrikuntza campusa da, zientzia, ekintzailetza, industria, talentua eta kapitala biltzeko sortua. BIC Gipuzkoaren gehikuntzak gure anbizioa indartzen du, SOKAI, Donostiatik, biozientzietako berrikuntza-zentro global nagusietara konektatuta dagoen nodo bat bihurtzeko, nazioarteko proiektuak erakartzeko eta hemen jaiotako enpresak Gipuzkoan hazten eta sendotzen laguntzeko gai dena “.

Etorkizuneko egoitza SOKAI Gipuzkoa Huben integratuko da. Startup, enpresa, teknologia-zentro, unibertsitate eta inbertitzaileen arteko lankidetza bultzatzeko pentsatutako gunea da, eta nazioarteko talentu eta proiektuak erakartzen lagunduko du.

Donostiako alkateak, Jon Insaustik nabarmendu duenez, “BIC Gipuzkoaren egoitza berriak, Donostiak ezagutzaren eta berrikuntzaren hiri gisa duen izaera indartzen du. Illunbe balio erantsi handiko sektore ekonomiko baterako gune estrategiko bihurtzen ari da, zientzia eta berrikuntzako ekosistema indartsu bati esker. BIC Gipuzkoa bezalako proiektuek enplegu kualifikatua eta talentua erakartzen dute, baina, batez ere, zientzia eta teknologia pertsonaren, herritarraren eta donostiarraren zerbitzura jartzen dituzte, bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Izan ere, Donostiak Europako hiririk oparoena izateaz gain, zoriontsuena ere izan nahi du, eta ziur nago horrelako proiektu ekintzaileek helburura hurbiltzen gaituztela “.

Lekualdaketa 2027ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusten da, eta horrek bultzada berri bat emango dio ekintzailetza zientifiko-teknologikoari eta indartu egingo du Gipuzkoak eta Euskadik erreferentziazko lurralde gisa duten posizionamendua.

EHUren 2026ko “Gazte Ekintzailetza” beken deialdia