Proiektu irabazleak ostegun honetan, azaroak 5, emango dira ezagutzera, Eibarren, Teknikerren egingo den ekitaldian
Toribio Echevarria Sarien 36. edizioak baditu finalistak. Aurkeztu diren 44 hautagaitzak ebaluatu ondoren, epaimahaiak 13 proiektu aukeratu ditu, haien izaera berritzaileagatik eta garapen zientifiko-teknologiko eta enpresarialaren alde egindako apustuagatik.
Aurkeztu diren 44 hautagaitzek sektore estrategikoetan garatzen dute beren jarduera, hala nola Bio/Osasuna, IA Teknologia, Industria eta Jasangarritasuna, Teknologia Berriak, Sports Tech eta Trantsizio Ekologikoa, eta izaera zientifiko-teknologikoko berrikuntzaren eta bakoitzak bere esparruan soluzio berritzaileak garatzearen alde egiten dute.
Aurkeztutako proposamenen eta sektoreen aniztasunak agerian uzten du ekintzailetzaren eta enpresaren ekosistemaren dinamismoa, eta sari hauek pizten duten interesa enpresa-ekimen berrien sustatzaile gisa.
Zehazki, bederatzi proiektu izan dira finalista «Startupak eta Enpresa Proiektuak» kategorian, eta lau «Enpresa Berritzailea» kategorian. Gainera, hautatutako hiru ekimen «Eibarko enpresa – Made in Eibar» sarirako hautagai ere badira.
Proiektu irabazleak ostegun honetan, azaroaren 5ean, jakinaraziko dira, Teknikerreko instalazioetan egingo den sari-banaketan.
«Startupak eta Enpresa Proiektuak» kategorian, hauek dira bederatzi proiektu finalistak: Pribait, Furantek, Reconnect, TrebezIA, BATTIA Recycling Technologies, Noraka, RaceStory, Gladiatrix eta Bihar Batteries.
Bestalde, “Enpresa berritzailea” kategoriako lau proiektu finalistak Neety Technologies, Inspectrail, Respira Miramon eta Natural Active Wear dira.
Gainera, proiektu horietako hiru «Eibarko enpresa – Made in Eibar» sarirako hautagai dira: BATTIA Recycling Technologies, Noraka eta RaceStory.
12.000 euroko sariak eta enpresen garapenerako laguntza
«Startupak eta enpresa-proiektuak» eta «enpresa berritzaileak» kategorietako proiektu irabazleek 12.000 euro jasoko dituzte, eta, horrez gain, laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza- eta prestakuntza-programak izango dituzte eskura, haien garapena eta enpresa-hazkundea sustatzeko.
Bestalde, Eibarko Udalak ematen duen «Eibarko enpresa – Made in Eibar» sariak 12.000 euroko saria du eta 10.000 eurorainoko bono teknologikoa produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko, ahal dela Teknikerrekin edo BRTA sareko beste zentro teknologiko batzuekin lankidetzan.
Ekitaldian, halaber, «Iñaki Goenaga» aitorpena emango zaio Eibarko Enpresa bati, Eibarko enpresen ibilbidea, konpromisoa eta hiriko ekonomia- eta enpresa-garapenari egindako ekarpena balioan jartzeko.
Gipuzkoaren etorkizunari buruzko solasaldia
Sariak banatzeko ekitaldian, solasaldi bat ere izango da: “2040: ODISEA BAT GIPUZKOAN”. Zientzia, Adimena eta Gizatasuna Eraiki nahi dugun etorkizuna”.
Solasaldian parte hartuko dute Miguel Angel Carrerak, AVSren sortzaile eta zuzendariak, eta Roman Orusek, Multiverse Computingen sortzaileetako bat eta kudeatzaileak. Solasaldiaren moderatzailea Koldo Peciña izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia.
Erreferentea
Toribio Echevarria Sariak erreferenteak dira Euskal Herriko ekintzailetza-arloan, ez bakarrik proiektu irabazleek jasotzen duten zenbateko ekonomikoagatik, baita enpresen garapenerako bultzadagatik ere.
Sariek proiektu berritzaileak ikusarazten, haien hazkundea bultzatzen eta ekosistema ekintzailea indartzen laguntzen dute, enpresen eta startupen talentua eta berrikuntza-gaitasuna balioan jarriz.
Antolatzaileak eta babesleak
Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimen bat dira eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomia-Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak.
Parte hartzen dute, era berean, SPRI entitateak, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, Debegesak, Confebaskek eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek.








