UPV/EHU-Gipuzkoako Campusak eta BIC GIPUZKOAk, ENTREPRENARI Programaren bitartez, “MANUEL LABORDE WERLINDEN” Sarien 25. edizioa bultzatu dute. Programaren helburua pertsona ekintzaileak sustatzea, aholkatzea eta laguntzea da, baita UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean enpresa berritzaileen sorrera sustatzea ere.
Esparru horretan, “Manuel Laborde Werlinden” sariek ekimen ekintzailea eta berrikuntza aintzatetsi nahi dituzte, berrikuntza zientifiko-teknologikoari eta unibertsitatearen ingurunean dagoen know-howak sortutako ezagutzari garrantzi berezia emanez.
Sarien 25. urteurrena dela eta, edizio honek urteurreneko sari berezi bat izango du. Sari hori deialdiaren helburuak betetzeaz gain, genero-berdintasunarekin, jasangarritasunarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen diren proiektuei emango zaie.
Sariek honako hauen laguntza dute: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIKO Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua, EUSKO JAURLARITZAKO Industria, Energia Trantsizioa eta Iraunkortasuna Saileko Ekintzailetza eta Nazioartekotze Zuzendaritza eta SPRI.
Informazio gehiago: entreprenari.com