Bere UPEuskadi plataforma aurkeztuko du, zeinaren helburua baita elkarrekin konektatzea Euskadiko ekintzailetza publiko eta pribatuaren inguruko sare guztia.

Eusko Jaurlaritzak euskal ekintzailetzaren ekosistema sustatzen du, SPRI Taldearen bitartez aktiboki parte hartuz B-Venture-n, urriaren 21 eta 21ean Bilbon egingo den ekintzailetzako ekitaldian. Vocento Taldeak antolatutako eta SPRI Taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak babestutako ekimen horretan UpEuskadi plataformaren berri emango da. Plataforma horrek elkarrekin konektatzen du Euskadiko ekintzailetza publiko eta pribatuaren inguruko sare guztia.

Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen B-Venture ekitaldiko parte-hartzea formalizatzeko, bertan izango dira Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Eraldaketa Digitaleko zuzendaria eta Aitor Cobanera, SPRI Taldeko Enpresa Sustapen eta Ekintzailetzako zuzendaria. Hala, BIC StartUp Day ospatuko da, zeinetan, BIC-en bitartez, hizpide hartuko baitira energia, 4.0 industria, elikadura eta osasuna bezalako gaiak. Bestalde, Hydrogen, Eurocybcar, Biotech Foods eta Ai Labs Group euskal startupen kasu konkretuak ere azalduko dira.

UpEuskadi plataforma

Euskadiko Ekintzailetzaren Planak ekintzailetza bultzatzera bideratutako 300dik gora ekintza barne hartzen ditu, eta oinarri bat da euskal ekosistemaren plataforma sortzeko, zeinak gida, biltegi eta komunikazio-kanal lana egiten baitu elkarrekin konektatzeko arlo horren inguruko sare guztia.

UPEuskadi plataformaren bitartez edozein agentek (izan startup, inbertsore, enpresa, ideia bat daukan norbait edo edozein norbanako) modua dauka aurkitzeko bilatzen ari dena lurraldeka eta osotara: laguntza edo akonpainamendua, finantzaketa, bezeroak, prestakuntza edo, startup-en kasuan,  leku fisiko bat beren proiektuentzat; edo, inbertsoreen kasuan, startup-ak, enpresa finkatuak nahiz beste inbertsore batzuk.

Bestalde, negozio ideia bat daukanak, hor aurkituko ditu hiru lurralde historikoetan eskaintzen diren konponbide publiko-pribatuak bere proiektua martxan jartzeko.

Jadanik lanean ari diren enpresek ere badute toki bat SPRIn kokatutako plataforma horretan, aukera baitute bertan aztertzeko proiektu berri baten bideragarritasuna edo finantzaketa-bideak, ezagutzeko lanean ari diren startup-ak nahiz ekintzaileak, eurekin elkarreragiteko, eta  baita ere ikusteko zeintzuk diren prestakuntza eta belaunaldi txandaketarako aukerak.

Kasu guztietan, edozein herritarrek aurkituko du tresna berri honetan Euskadiko ekintzailetzaren mapa osoa. Bestalde, www.upeuskadi.eus web orrian startup-ek leku berezi bat dute, zeinetan bakoitzak azaltzen duen zer den eta zein den bere negozioa, proiektua eta etorkizunerako erronka, halako moldez non tresna hori erreferentziazko gune bat bihurtzen baita balizko inbertsore eta bezeroentzat, eta orobat sustapen plataforma bat, bertan argitaratzen diren elkarrizketa eta albisteak ondoren hiruhileroko buletin batean zabaltzen direlako.

www.spri.eus