Mundu fisiko eta birtualeko jokoak, Donostia 2016 ezagutarazteko

Codesyntax euskal enpresak garatu ditu “Euroku” bideojokoa eta “Hiribiltzen” ekimenaren atzean dagoen teknologia.

Euroku sakelakorako aplikazio bat da, helburutzat duena galdera-erantzunen joko baten bidez Donostia-San Sebastián 2016ren egitaraua hiritarrei ezagutaraztea. Aplikazio hori dohainik deskargatu daiteke Android eta iOS gailuentzat, eta 7.000 galderatik gora dauzka, denak ere euskal kulturari eta kultura europarrari buruzkoak. Edukiek zerikusia dute datozen hilabeteetan Donostian ikusgai izango diren jarduerekin, eta era askotako galderak barne hartzen dituzte, hala nola, euskal artistei buruzkoak eta Europan eginiko ikus-entzunezko sorkuntzen edota obra literarioen ingurukoak. Jendearen parte hartzea bultzatzeko, sariak banatuko dira jokoaren amaierara iristen direnen artean, batez ere sarrerak eta opariak.

Duela gutxi abiarazi da orobat Hiribiltzenkimena, 84 egunetan munduaren itzulia egiteko erronka, baina Donostiatik atera gabe. Asmoa da parte-hartzaileek Donostiako itsasertzean barrena oinez egiten dituzten joan-etorriak batzea 40.075 km-ra iritsi arte. Erronka horrek helburu bikoitza dauka “hitz egin eta ibili” ideiaren pean: bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea eta hirian bizi diren pertsona desberdinen arteko topaketak bultzatzea.

Lau txartel desberdin sortu dituzte, parte-hartzaileak Donostiarekin duen loturaren arabera. Txartel desberdinak dituzten gutxienez bi lagunek elkarrekin egin behar dute ibilaldi bakoitza, ibiltze hutsetik haratago jarduera sozial bat ere izan dadin. “Hiribiltzen” Patxi Galarraga eta Miren Vives arkitektoek diseinatutako proposamena da, eta Codesyntax enpresak garatu du ekimenaren atzean dagoen teknologia. Ibilaldiak kontatzeko, sei baliza kokatu dituzte Tenisetik Saguesera doan bidean zehar. “Hiribiltzen” webean ibilitako kilometroen jarraipena egingo da eta, horrez gain, ibilbideei buruzko edukiak partekatuko dira argazki, testu edo bideo formatuan.

Ideia honek oinarritzat hartzen du Ermuan 2014an ezarritako ekimen bat, arkitekto taldeak eta euskal enpresa teknologikoak abiarazi zutena. Harako hartan Hiribili izena jarri zioten, eta hiri barruko paseoen mapa bat diseinatu zuten, eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzeko.

Gipuzkoako teknologia, desgaitasuna duten pertsonen komunikazioaren mesedetan
CDTIk aukeratutako Wiredron proiektua, aukera ona inbertitzaileentzat