Munduko bostehun startup baino gehiagok parte hartu nahi dute BIND 4.0 euskal azelerazio-programaren hirugarren ekitaldian

BIND 4.0 Eusko Jaurlaritza eta SPRI Taldea buru dituen ekimena da, eta zuzentzen da industria 4.0ren teknologia berrietan oinarritutako soluzioak (Big data, errealitate birtuala/handitua, robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, Internet of things, 3D inprimaketa, eta abar) dituzten munduko startup onenen garapena sustatzera

2018ko deialdian 524 proiektu jaso dira, aurreko deialdian baino % 36 gehiago. Proiektu guztietatik, % 76 nazioarteko hautagaiak dira, eta nabarmen gehitu dira munduko maila goreneko ekintzailetza-guneetako startup hautagaiak (Estatu Batuetakoak, Israelgoak, Erresuma Batukoak eta Alemaniakoak)

Hirugarren ekitaldi honetarako berritasun gisa, planteatu da Osasunaren Teknologien sektorea barnean hartzea, Eusko Jaurlaritzak RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian ezarritako lehentasunekin bat eginik

Ekitaldi honetan, nazioartean erreferentzia diren 40 trakzio-enpresek parte hartuko dute BIND 4.0 programan. Enpresa horien asmoa da elkarlanean jardutea fabrikazio aurreratuaren, energiaren eta osasunaren arloko industria 4.0ko soluzioak aplikatzen dituzten startupekin

Programak laguntzaile teknologiko handi ditu oinarri: Amazon Web Services, Microsoft, Siemens etabar. horrez gain, Foru Aldundien eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BIC Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta euskal ekintzaile ekosisteman barruan dauden pertsona eta agente pribatu askoren laguntza izango dute

BIND 4.0 programa industria 4.0ren arloko startupen euskal azeleratzaile publiko-pribatua da. Programaren hirugarren ekitaldi honetako 2018ko deialdian, % 36 gehitu dira aurkeztutako proiektuak, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Guztira 63 herrialdetako 524 startupek aurkeztu dituzte soluzio teknologikoki aurreratuak —zehazki euskal industria-enpresa handien prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzera zuzentzen diren soluzioak—.Joan den urtean 385 proiektu iritsi ziren Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta SPRI Taldearen ekimen honetara.

Jasotako hautagaiak honela banatzen dira jatorriaren arabera: 69 hautagai Euskal Autonomia Erkidegokoak dira (30 Bizkaikoak, 29 Gipuzkoakoak eta 10 Arabakoak), aurreko ekitaldian 50 aurkeztu ziren. Estatuaren gainerakotik 57 startup jaso dira, joan den urteko ekitaldian 43 izan zirenean. Nazioarteari dagokionez, 63 herrialdetako 398 (93 Europakoak, 185 Hego Asiakoak, 41 Hego Amerikakoak, 24 Ipar Amerikakoak. 23 Mendebalde Asiakoak, 22 Afrikakoak, 8 Hego-Ekialde Asiakoak eta 2 Ozeaniakoak) aurkeztu dira, hau da, iaz baino %37 gehiago, iaz 291 aurkeztu baitziren.

40 trakzio-enpresa handiren partaidetzak bermatzen du proiektu hau

Nazioartean erreferentziakoak diren trakzio-enpresen parte-hartzea handia da, eta horixe da, hain zuzen ere, programaren arrakastaren eta erakargarritasunaren funtsezko faktoreetako bat. Hartara, nabarmen gehitu dira munduan buru diren ekintzailetza-guneetako startup hautagaiak (Estatu Batuetakoak, Israelgoak, Erresuma Batukoak eta Alemaniakoak) eta Estatuko ekosistemetako startup hautagaiak.

BIND 4.0 programaren hirugarren ekitaldiak bi berrikuntza handi ditu. Batetik, trakzio-enpresak 24 izatetik 40 izatera pasa dira; Euskadin erreferentziako enpresei, hala nola Siemens Gamesari, Mondragon Korporazioari, Tubacexi edo Oronari, beste izen handi batzuk gehitu zaizkie, esate baterako Mercedes-Benz, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin edo Euskaltel.

Bigarren berrikuntza izan da osasunaren arloko teknologiaren sektorea deialdi berrira txertatzea. Horrela, ekimenak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasun estrategikoekin, zehazki ikerketako eta berrikuntzako RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin. Estrategia horrek, beraz, BIND 4.0 programaren aurreko bi ekitaldietan jada barnean hartzen ziren arloez gain —fabrikazio aurreratua edo energia, adibidez—, osasun-arazoen detekzio goiztiarrerako eta tratamendu berritzailerako HealthTech sektorea ere hartuko du aintzat. Horri dagokionez, Euskadin kokatzen diren eta programari aurten atxiki zaizkion trakzio-konpainien artean daude Onkologikoa, BTI, Quirón Salud, Faes Farma edo Grupo IMQ.

BIND 4.0 programa

Bind 4.0 azelerazio programa publiko-pribatu bat da eta 24 asteko iraupena du. Programa horretan parte hartzen duten startupek 150.000 €-ra arteko ordainsaria duen proiektu bat garatzeko aukera dute, industria-enpresa laguntzaileekin batera, eta, horretarako, laguntza-zerbitzuz eta jardueraz osatutako programa trinko bat dute eskura.

BIND 4.0 programak helburu bikoitza du: startupen ikuspegitik, edozein azeleratzailek eskaintzen dituen ohiko zerbitzuez baliatzeko aukeraz gain (lan-espazioak, prestakuntza, mentoring-a, diru-laguntzak, finantzaketa…), BIND 4.0 programak aukera ematen die programako enpresa laguntzaile batekin edo batzuekin lanean hasteko, betiere bezero/hornitzaile formatu batean, hau da, ordaindutako kontratu bidez.

Enpresa laguntzaileen ikuspegitik, programari esker, 4.0 industriaren esparruko munduko startup berritzaileenak ezagut ditzakete; hartara, haien talentua, teknologia edota soluzioak kontrata ditzakete eta, bide batez, enpresaren lehiakortasuna hobe dezakete.

Apustu estrategikoa

BIND 4.0 da Euskadin Laugarren Industria Iraultza garatzearen aldeko apustuaren emaitza, betiere talentua eta startup onenak erakartzeko munduko lehiaren esparruan —produkzio-prozesuen eraldaketa digitalak ezaugarritzen du Laugarren Industria Iraultza—.Helburu horretan biltzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko agente publikoak (Eusko Jaurlaritza, SPRI, Foru Aldundiak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BIC Enpresa eta Berrikuntza Zentroak), Euskadin egoitza duten 40 enpresa-korporazio pribatu nagusiak, eta laguntzaile teknologiko gisa parte hartzen duten punta-puntako nazioarteko konpainiak, hala nola Google, Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services.

BIND 4.0 herri-apustu estrategiko bat da, helburu duena Euskadi ekintzailetza aurreratuaren munduko mapan kokatzea. BIND 4.0 programa publiko-pribatua da eta horrek bereizten du beste startup azeleratzaile batzuengandik; gainera, maila goreneko industria-bezeroei startupak helaraztea bermatzen duen munduko lehen azeleratzailea da.

Bederatzi proiektu finalistak Toribio Echevarria sarien hautagai
BIC Gipuzkoak eta Aldundiak esparru biosanitarioan pertsona ekintzaileen prestakuntza sustatzen dute