BIC Gipuzkoak babestutako startupen % 25ek lortu dute laguntza-programa nagusietan parte hartzea

http://www.bicgipuzkoa.eus/wp-content/uploads/BG16_Web_1200px_06_20.jpg

BIC Gipuzkoak babestutako startupen % 25ek lortu dute laguntza-programa nagusietan parte hartzea

Azken hiru urteetan BIC Gipuzkoak bultzatutako 20 enpresak 11 milioi euro eskuratu dituzte SME Instrument eta Neotec programen barruan

CounterCraft eta Alerion Technologies enpresek 1,9 milioi euro jaso berri dituzte SME Instrument programatik. Merkatuari irtenbide berritzaileak ematen dizkioten proiektuak dituzten enpresa txiki eta ertainentzako programa da hori. BIC Gipuzkoak babesten dituen bi startup horiek jaso dituzten laguntzak programaren II. faseari dagozkio; proiektuaren garapen aurreratua eta merkaturatzea laguntzeko dira, beraz. Era horretan, bi enpresa horiek sartu dira horrelako laguntzak eskuratzen dituzten enpresen zerrenda laburrean, Europako agintariek ezarritako baldintza zorrotzak gaindituta.

SME Instrument eta Neotec gaur egun dauden laguntza-programa garrantzitsuenetako bi dira. Horietan lehena Europar Batasunak kudeatzen du Horizon 2020 Programaren barruan. Neotec, berriz, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko Ministerioaren mendeko Industria Garapen Teknologikorako Zentroak (CDTI) bultzatutako ekimena da, eta oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortzen eta sendotzen laguntzea du helburutzat.

SME Instrument programa 2013an abiarazi zuten. Harrezkero, BIC Gipuzkoak 80 startup sortzen lagundu du. BIC Gipuzkoak aldi horretan bultzatutako lau enpresatatik batek jo du SME Instrument eta Neotec programetara, 11 milioi euro baino gehiago eskuratuta.

BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolaren iritziz «zenbaki horiek bereziki garrantzitsuak dira, eta Gipuzkoako ekosistema ekintzailea aintzat hartzen dutela esan nahi dute, horrelako laguntzak emateko erabiltzen dituzten balorazio-irizpideak izugarri zorrotzak dira eta. Ideia on bat ahalmen handia duen enpresa bihurtzeko prozesu horretan proiektu ekintzaileak laguntzeko lan baliotsua garatzen ari garela erakusten du horrek guztiak.

BIC Gipuzkoak bultzatutako enpresen artean honako hauek erdietsi dute SME Instrument programaren finantzaketa 2013tik: Graphenea, Nesplora, Farsens, Iline Microsystems, Instant Sport, Neos Surgery, Arima Software Design, Zoovel Technologies, Likuid Nanotek, CounterCraft eta Alerion Technologies. Enpresa horiek, guztira, 9,5 milioi euro baino gehiagoko laguntzak eskuratu dituzte SME Instrument programari esker.  Neotec ekimenari dagokionez, 2015etik aurrera, honako enpresa hauek izan dira onuradun: Bihurcrystal, Deneb Medical, CounterCraft, Prospero, Sqadrones, HWS, Myruns, Somaprobes eta Lainomedical. Enpresa horiek 1,6 milioi euro jaso dituzte orotara Neotec programatik.

Laguntza-programa horien onurak lortzen dituzten startupen zerrendara gehitu diren azken bi enpresak CounterCraft eta Alerion Technologies izan dira. CounterCraft enpresak garatutako irtenbideak engainu-teknikak eta -tresnak erabiltzen ditu zibererasotzaileak antzeman, deskubritu eta manipulatzeko. Alerion Technologies enpresak, berriz, errendimendu handiko drone adimendunen bitartezko irtenbideak ematen ditu ingurumen-egoera zailetan eta nekez iristeko direnetan erabil daitezen.

Enpresa horiek guztiek Txekintek/Ekintzaile programaren laguntza jaso zuten hasierako aldian. SPRIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute aipatutako programa. Bi proiektuok, gainera, BIC Gipuzkoaren babesa ere izan dute, eta hainbat erakunderen laguntza-programetan parte hartu dute enpresa aurrera eramateko.

BIC Gipuzkoa

BIC Gipuzkoa eragile aktiboa da Gipuzkoako ekintzailetza-proiektua babesten orain dela 20 urtetik baino gehiagotik Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRIk partaidetza duten BIC zentroak enpresa berritzaileak edo oinarri teknologikoa dutenak sortzen laguntzen du, eta, aldi berean, kultura ekintzailea sustatzen du Gipuzkoan. BIC Gipuzkoak 200 enpresa ingururen sorrera bultzatu du.

 

Enpresa ekintzaileak, sortu edo bihurtu?
Ekintzailetza Berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria sariak deitu dituzte