Hevea3D ekimenak eta Interphase Technologiesek irabazi dituzte 2025eko Manuel Laborde sariak

ZuBizik 25. urteurreneko sari berezia jaso du
Hevea3D ekimena eta Interphase Technologies master amaierako lana aitortu dituzte Manuel Laborde Werlinden sarien XXV. edizioan. Bi proiektuek ezaugarri komun hauek dituzte: sendotasun zientifikoa, orientazio teknologikoa eta ideia benetako heldutasun fasera eramateko taldeek erakutsitako ahalmena. Bestalde, ZuBizi ekimenak 25. urteurreneko sari berezia jaso du genero berdintasunari eta ingurumeneko osasunari egindako ekarpena dela eta.

Hevea3D ekimenak, Ekimen Berritzaile Berriaren Saria irabazi duenak, argiarekin inprima daitezkeen material elastomeriko errealen fabrikazioan egindako aurrerapenagatik jaso du aitortza. Proiektuak latex naturalarekin edo sintetikoarekin lan egiten du uretan, argi bidezko inprimaketa erabiliz kautxu bulkanizatuaren antzeko ezaugarriak dituzten pieza elastikoak lortzeko, moldeak erabili beharrik izan gabe. Ibilbide zientifiko, tekniko eta industrial handiko taldeak elkarrekin eta POLYMATekin eta Arizona State University (ASU) unibertsitatearekin elkarlanean egindako lanari esker sortu zen. Sortzaileak Xabier López de Pariza, Jon Ayestarán, Ainara Tejero eta Timothy E. Long dira, eta Haritz Sardon irakaslearen aholkularitza jaso dute. Haien ezagutza zientifikoei, esperientzia industrialari eta nazioarteko ikuspegiari esker, proiektuak balio bereizgarria du.

Sariak 7.000 euro eta egitasmoaren garapena bultzatzeko BIC Gipuzkoaren laguntza eta aholkularitza jasotzen ditu.

Gradu Amaierako Lanak – Master Amaierako Lanak – Doktorego Tesiak kategorian saritutako Interphase Technologies master amaierako lanak elektronika malgu eta aurreraturako material polimeriko funtzionalak optimizatzera bideratutako gainazalen eta interfazeen ingeniaritzan espezializatutako zerbitzua proposatzen du. Proiektua Andrés Mosquerak garatu du Polymers and Soft Matter talde barruan Materialen Fisikako Zentroan (CFM), Jon Maiz Sancho eta Alberto Álvarez Fernándezen zuzendaritzapean.

Kategoria horrek 3.000 euroko laguntza eta egitasmoa aurrera eramateko BIC Gipuzkoaren laguntza jasotzen ditu.

Sari berezia

25. urteurreneko sari berezia, 3.000 eurokoa, ZuBizi proiektuari eman diote. Proiektu horrek ikerketa zientifikoa eta gizartea lotzen ditu One Health ikuspegitik, eta ingurumena, osasuna eta desberdintasunak ardatz hartuta. Izaera berritzailea eta diziplinaz gaindikoa du, eta, horri esker, osasun publikoa hobetu, ingurumen desberdintasunak murriztu eta herritarren kontzientzia susta daiteke, eta ingurumen osasunean eta herritarren zientzian erreferente gisa finkatu da.

EHUk eta Biogipuzkoak bultzatu dute, eta Amaia Irizarrek, EHUko irakasle eta toxikologian eta epidemiologian espezialistak, aurkeztu du. Epidemiologia, toxikologia, ekologia, psikologia eta komunikazio zientifikoko profilak bateratzen dituen diziplina anitzeko taldeko kidea da. Aitana Lertxundi ingurumen epidemiologoa eta Nerea Lertxundi psikologoa ditu buru, ingurumen analisian, osasun publikoan eta zientziaren dibulgazioan espezialistak diren beste batzuekin batera.

Proiektu berritzaileak unibertsitateko ingurunean

25. edizio honetan 14 hautagai aurkeztu dira: 10 hautagaitza ‘Egitasmo Berritzaile Berria’ kategorian aurkeztu dira, eta 4 ‘Gradu Amaierako Lanak – Master Amaierako Lanak – Doktorego Tesiak’ kategorian. Epaimahaiaren iritziz, “aurkeztutako proiektuen kalitateak EHU Gipuzkoako eta EAEko ekosistema barruan funtsezko eragile gisa berretsi du, balio erantsi handiko enpresa egitasmo berritzaileen garapena bultzatuz”.

Parte hartu duten proiektuak bat datoz Gipuzkoako hazkunde eta espezializazio adimenduneko estrategiarekin, eta arlo hauetan nabarmentzen dira: materialen zientzia eta teknologia, adimen artifiziala, digitalizazioa, bio/osasuna eta jasangarritasuna.

Sari banaketa ekitaldia

Gaur eguerdian banatu dituzte sariak EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako auditorioan. Ekitaldian izan dira Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Juana Goizueta, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Ane Miren de Ariño, Eusko Jaurlaritzako ekintzailetza eta nazioartekotze zuzendaria; eta Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendaria, baita ekintzailetza, unibertsitate, zientzia eta enpresa arloko hainbat pertsona ere. Eskainitako hitzaldietan, Gipuzkoako enpresa egitura eraldatzen laguntzeko ideia eta proiektu berriak sustatzen jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu dute erakundeen ordezkariek.

Horrez gain, ‘25 años creando Spin-offs universitarios’ izeneko mahai ingurua egin da, eta bertan parte hartu dute Roberto López Más Innovacióneko CEOak, Iliane Rafaniello Surphaseko CEOak eta Eneko Aldaba Quimatryxeko I+G arloko zuzendari eta sortzaileetako batek. Batez ere, programak eta sariek unibertsitate arloko proiektu ekintzaileak sortzeko eta indartzeko garaian duten inpaktua aztertu dute saioan.

Ekitaldiari amaiera emateko, Iñigo Garmendia eta Unai Barrutia Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (EHU) ikasleek eta azken bi urteotan Team Leaderak izan direnek parte hartu dute. Gaur egun, MotoStudent proiektuaren barruan, motor elektrikoaren prototipoan hobekuntza berritzaileak egiteko lanean eta beren esperientzia eskaintzen jarraitzen dute. ‘De la Idea al Podio: MotoStudent y la Ingeniería del Futuro’ izenburupean, ekimen hori garatzen pilatutako esperientzia partekatu eta enpresa proposamen nola bihur daitekeen azaldu dute. Hitzaldiak berrikuntzak sorreratik arrakasta lortu arte egiten duen ibilbidea islatu du.

Manuel Laborde Werlinden 25. edizioaren sarien banaketa